lunes, 17 de noviembre de 2014

Jolas Soziomotorea

 8-10 URTE ARTEKO UMEAREN GARAPENAREN ALDERDIAK

Garapen motorea
—Umea adin horretan gehiago hazten da zabalera luzera baino. Ondorioz, umea proportzionatuago dago eta oreka eta kemena irabazten ditu.
—Neurologi heldueraren ondorioz, koordinazio motorea handitzen da. Gorputzaren mugimenduak erritmikoago, arinago, zehatzago, ekonomikoago, seguruago eta eragingarriagoak dira.
—Indarra, erresistentzia aerobikoa eta abiadura hobetzen ditu. Malgutasuna gutxitzen hasten da. —Zenbat eta energi kontsumo txikiagoa, orduan eta bizitasun handiagoa. Bizitasun horri esker lehia eta errendimendua bilatuko ditu.
—Albokotasuna aro honetan finkatzen da.
—Gorputzaren atal desberdinei kontrola eta oharmena hobetzen da. Ondorioz, errazagoa izaten da atalak banatzea edo desberdintzea.
—Umea denbora objektibo eta neurgarria ulertzeko eta espazioa egituratzeko gai da. Hau da, tresna batzuk beste batzuen arabera edota bere buruaren arabera kokatzeko gai da. Horri esker, talde jokoetan parte-hartzeko aukera lortzen du.
—Abilezia motoreak ikasteko behar dituen jokaera pertzeptibo-kognoszitiboak hobetzen dira, ondorioz, jolasetako eta kiroletako mugimenduak ere bai.

Garapen kognoszitiboa
—“Jarduera jakinen” garaia da. Garai horretan adimen logikoa agertzen da: pentsamendua independenteagoa eta analitikoagoa da. Horri esker, errealitatea era objektibo batean aztertzeko gaitasuna hartuko du. Fantasiak bidea emango die azterketari eta gogoetari.
—Helburuak mailakatzeko eta sailkatzeko gai da, helburuak buruz antolatuko ditu. Ikuspegi desberdinak aztertzeko eta ondorioak ateratzeko gauza da.
—Ikasteko irrika dela-eta arreta areagotuko da. Gauzen zergatia ezagutu nahi du: kanpoko munduan gertatzen den guztia ezagutu nahi du; ikusi eta ukitu. Den-dena egin nahi du ondo. Hauxe da irakasteko unerik egokiena.
—Lanak esfortzua dakarrela ulertzen hasiko da, baita lan egin ostean olgeta datorrela  ere.

Garapen afektibo eta soziala
—Sentiberatasunari gagozkiola, egonkortasun eta oreka handiko aroa da. Nesken eta mutilen arteko sozializazioak aurrera egiten du nabarmen.
 —Baikor eta alaitsu agertzen da kanpoko munduaren aurrean. Ondoezak ez du gehiegi markatzen eta berehala desagertzen zaio.
—Konfiantza handia dauka bere buruarengan eta gogo handiz hartzen du parte jolasetan: ausart eta saiatsu agertzen da (abenturazalea).
—Bere irizpide morala sortuz doa. Ondorioz, besteekin eta bere buruarekin kritiko izaten hasten da. Auto-ebaluazioa egiten hasteko aukera ematen du egoera horrek.
—Lehian arrakasta du helburu, eta arrakastak ematen dion izen ona ere.
—Arauak ulertzeko eta elkarlanean jolasteko gogoak direla eta, nahiago ditu jolas arautuak eta, batez ere, talde jolasak.
—Helduarekiko harreman ona. Animatzailea artista orientagarria da harentzat. Animatzailearengandik gauza asko ikas dezakeela uste du.

 JOLASEN EZAUGARRIAK, HELBURUAK ETA METODOLOGÍA-ALDAERAK
Aldi honi dagozkion jolasen ezaugarrik berezienak hauexek dira: abiadura eta indar fisikoaren kontrola, trebetasuna, irudimena, oroimena, aditasuna, zentzumenak, koordinaketa dinamikoa, zehaztasuna,... baina batez ere talde lana eta izaera sozialekoak. Beraz, adin honetako jolasak aurrekoari lan soziomotorea gehituko dio.
Joko soziomotoreen hastapenaz berba egiten has daitezke aldi horretan, beraren egituraren ezagupena, hau da elkarlana eta aurkakotasunaren estrategien ezagupena, orokorra eta jarraikorra izan beharko da. Ezagupen hori pausoz pauso lortzeko,  hiru gai proposatzen dira: lehenengo biak 8-10 urte artean, eta hirugarrena 10-12 urte arte luzatuko da. Gai horiek jarraian azalduko dira eta, jolas arautuen bidez, egoera soziomotoreak planteatuko dituzte.
Egoera horien bidez, behin eta berriz erabakiak hartzeko eskatuko zaie umeei. Hala ere, erabaki horiek ezin izango dira hartu umeak behar duen ahalmen motorea eduki ezean. Aldi honetan, ahalmen motorea areagotu eta egokituko da, erabakiak gero eta konplexuagoak eta zehatzagoak izango direlarik, talde jolasa ezagutu ahala.
Lau proposamen azalduko dira nagusiki:
—Pilota  arretagune legez
• Hasierako egoera. Hasieran, umearen afektibitateak zuzentzen du jolasa. Baloia, edo beste mugikari bat hartzeko eginahalak egiten ditu eta, egozentrismoa dela eta, zail da besteekin elkarlanean jardutea. Ez dio inori baloia eman nahi izaten, eta egiten badu bere lagunari edo ondoen jokatzen duenari ematen dio, horrek berehala itzul diezaion. • Helburuak. Baloia guztion artean zaindu eta eraman behar dela ulertarazi behar zaio umeari. Talde defendatzaileak mugikaria ahalik eta arinen hartzeko eginahalak egingo ditu. • Bitartekoak. Ateak edo mugak kontuan hartu barik, baloiarekin eta baloirik gabeko markaketak eta desmarkaketak egiteko bidea ematen duten egoerak erabiliko dira, baita umeen arteko elkarlana bultzatzen dutenak ere.
—Aurrera joateko aldia
• Hasierako egoera. Umeak elkarlanean ibiltzeko beharra ulertu du, baina zail egiten zaio ulertzea aurrera joateko  taldeka lan egin behar duela. • Helburuak. Baloia galdu gabe eta baterako helburu bat harturik, elkarlanean aurrera joateko behar dituen baliabideak eman behar zaizkio umeari. Talde defendatzaileak aurrera egin ez dezaten lan egingo du. • Bitartekoak. Aurreko aldian erabili diren egoerak berak erabiliz, aurreratzeko eta aurreratze hori oztopatzeko oinarrizko bideak erakutsiko zaizkio.
—Helbururantz orientatzeko aldia
• Hasierako egoera. Aurreratzeko nozioa ulerturik, umeak jolas egoeraren arabera orientatzeko zailtasunak izango ditu; baita orientazioa helburuaren arabera aldatzeko ere.
• Helburuak. Egoera bakoitza kontuan harturik, orientaziorik onena erabakitzeko baliabideak emango zaizkio.
• Bitartekoak. Helburu fisiko baterantz orientatzeko egoera konplexuagoak erabiliko dira. Aldi honetako arauak konplexuagoak dira eta jolasaren oinarriak ipintzen dituzte. Zentzu horretan, arau kopuruaren eta zailtasunaren arabera, jolasaren eskakizunak handiagoak edo txikiagoak izango dira. Orokorrean, adin honetako jolasen arauek elementu hauei egiten diete erreferentzia:
• Jolaslekuari eta bere mugei
• Erabiltzeko materialari
• Denborari
• Taldeen osaketari
• Kontaktu fisikoaren baldintzei Bestalde, jokatzeko lekua mugatua  eta arautua izango da. Hala ere, zailtasun hau pausoz pauso gehituko da, umeak elementu hau barrentzeko gai izateko. Beraz, hasteko jarraian zehazten diren aukerak kontuan hartuko dira
• Jolasteko lekua mugatua: adibidez, marrak seinalatzen duen zelaitik ezin da atera.
• Jolasteko lekua  atalez zatiturik: aterpe edo kartzela modukoak.
• Jolasteko lekua jolas helburu modukoa: leku horretara heldu behar da puntua lortzeko. Jokaerei dagokienez, hauexek dira landu behar direnak:
 • Jolas-adiskideak onartzea besteen trebetasuna kontuan izan gabe. Beraien trebetasuna ezin da besteen trebetasuna mugagarri izan.
• Talde barruan dagokion eginkizuna onartzea. Beharrezkoa da eginkizunak aldatzea, jokalari guztiek eginkizun guztiak ezagun ditzaten.
• Jolasaren oinarrizko arauak errespetatzea.
• Norberaren ahalbideekiko konfiantza izatea.
• Garaile edo galtzaile izateak ez du aurkariarenganako mesprezua ekarri behar.
Azkenik, taldekako kontzeptuak garatzeko aldaerei buruz berba egingo dugu. Umearen prestakuntzan giltzarri diren taldekako kontzeptuak garatzeko eta osatzeko helburua duten egoera guztiak bilduko dira atal honetan. Ez dira, hala ere, abileziak garatzeko aldaeren atalean aipaturiko guztiak ahaztuko, erlazioan egon behar dute eta.
Era guztietako aldarteak sortzeko joko soziomotoreen osagarriak hainbat eratan aldatuko dira:
—Espazioaren ezaugarriak, hau da, jokalekuaren itxura aldatuko da. Zenbait alde markatu, adibidez: batzuetatik ezin irten, besteak zaindu behar dira... Baloiak alde guztietatik igaro behar du punturen bat lortzeko. Geometria egitura batzuen arabera antola daiteke: laukiak, laukizuzenak, zirkuluak, izarrak, etab. Egitura horiek ezin dira apurtu. Geometria egitura bat emanda, jokalekua ere alda daiteke: zabalduz, murriztuz, mugatuz edo zailduz.
—Egin daitekeen pase kopurua gehiagotu edo gutxiagotu.
—Aurkakotasunaren eta elkarlanaren zenbatekoa eta nolakotasuna alda daiteke, oharmena errazteko edo zailtzeko bideak tartekatuz:
• Aurkakotasunaren nolakotasuna (pasiboa, semiaktiboa, aktiboa).
• Aurkakotasunaren erlazioa (nagusitasuna, berdintasuna, gutxiagotasuna).
—Zenbait arau ezarri behar dira jolasaren protagonistak beti umerik trebatuenak izan ez daitezen. Parte-hartzea suspertzeko eta, behar denean, ohargarri edota erabaki-bideetan eragiteko, adibidez:
• Jokalari gutxiago ipintzea.
• Debekatzea pasea itzultzea.
• Baloia punpatzea debekatzea edo punpa kopurua mugatzea.
• Baloi bat baino gehiago eta ezaugarri desberdinetakoak erabiltzea.
• Ate bat baino gehiago erabiltzea eta euren kokapena aldatzea: aurrez aurre, angeluan ipiniak, gurutzatuak...
• Ez dute punturik lortuko harik eta taldeko jokalari guztiek baloia ukitu arte.
• Jokalariek ezin izango dute bi aldiz jarraian puntu egin.
• Lehenengoz gola sartzen duen jokalari bakoitzeko hobari bat ematea.
• Talde bereko puntu gehien eta gutxien sartzen duten jokalarien arteko aldea kenduko zaio taldeak orotara lortu duen gol kopuruari.
• Agindu jokalari bakoitzari eginkizun jakin bat. Gero, aldatu eginkizunak

No hay comentarios:

Publicar un comentario